4.4. Etxebizitza eta lurzorua
13/2008 Legeak etxebizitza familietan eragin berezia daukan arlotzat jotzen du (lege horren aurreko araudian ekimen zehatzak jasotzen baziren ere). Zehazki, ezartzen du tratamendu berezia emango zaiela “adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak beren ardurapean dituzten familiei, baita familia ugariei eta egoera bereziki ahulean dauden familiei ere, hala nola guraso bakarrekoei, genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenei edo antzeko egoeraren batean dauden beste familia-motei, familia horiek etxebizitza errazago eskuratzeko kupo batzuk ezartzearren”.
Familiei zuzendutako neurri publiko nagusiei dagokienez, lehen ahalegina Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea 2010-2013 delakoa da. Etxebizitza erosteko fiskalitate berezia aipatzen du, baita familia ugarientzako kupoen aplikazioa ere. Era berean, industrialdeetan edo enpresa-parkeetan haurtzaindegiak eta enpresa-jantokiak eraikitzeko gutxieneko azalera bat gordeko dela jasotzen du, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea erratzeko asmoz. 2013ko abenduaren 23an Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako Etxebizitza Bideratzeko Plan berria onartu zuen.
Antzeman daitekeenez, ideia horiek familiei laguntzeko politika publikoen arlo nagusietako biri zuzenduta daude, zeren eta familiaren ikuspuntua bereziki ahulak diren taldeak babesteko nahiz lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza hobeto bateratzeko bidea ematen duten ekimenak sustatzeko batzen baita.
Hala ere, familiei laguntzeko etxebizitza-politikak ez dira nagusiki 13/2008 Legearen bidez bideratzen; aitzitik, baliabide gehiago dituzten bi tresna publiko daude:
Alde batetik, etxebizitzari buruzko jardunetako asko (bai erosketan bai alokairuan) kenkari fiskalen ikuspuntutik lantzen dira. Horien inguruko datu zehatzak dagokien atalean iruzkindu dira, baina oro har etxe bati urtero gehienez 3.600 € ekar liezazkiokete kenkaritan.
Beste aldetik, azpimarratu behar da Etxebide Etxebizitza Euskal Zerbitzuaren bidez familiek neurri zehatzak aurki ditzaketela, hala nola erabilitako etxebizitzak birgaitzeko laguntzak edo Bizigune programa. Azken horrek etxebizitza hutsak mobilizatzea du helburu eta Etxebiden izena emanda dauden, diru-sarrera gutxi dituzten eta jabetzan etxebizitzarik ez daukaten pertsonei zuzentzen zaie.